2015/01/21

Programatzen ikasteko hainbat baliabide

Pil-pilean dagoen kontua da eskoletan programazio informatikoa ikasi behar ote den eta eduki horiek oinarrizkoak izan behar ote duten.

Garai batean bigarren hezkuntzan programatzen ikasten zen, gehien bat BASIC programazio hizkuntzan, neurri batean nork bere programak egin behar zituelako.  Egun edozein gauza egiteko programa mordo eta oso onak daude. Eta programazioa baztertu zen oinarrizko hezkuntzatik.

Penduluak norabidea aldatu du orain. Mendebaldeko hainbat gobernuk ohartu da softwarearen industriak gora egin arren informatikako graduatuen kopurua gelditu egin dela eta kezkatuta omen daude Europa ez ote den esparru horretan atzean geldituko. Zentzu horretan Estonian, Bretainia Handian, Frantzian eta Nafarroan bertan lehen hezkuntzako curriculum-tik hasi dira programazio edukiak sartzen Europako Batasuneko aholkuak jarraituz.

Programatzen ikasteak hainbat zehar lerro edo gaitasun lantzeko oso egokia bada ere, hala nola pentsamendu analitikoa, problemen ebazpena, talde lana eta abar, aditu batzuk, Linus Torvald tartean,  zalantza dute ikasle guztiek landu behar ote duten.

Eztabaidak eztabaida gaurkoan hona ekarri nahi dut programazioaren oinarrizko kontzeptuak Lehen Hezkuntzatik hasita ikasteko hainbat baliabide.


Code.org

Atzean besteak beste Microsoft eta Google dituen ekimen honek webgune oso interesgarria eskaintzen du: code.org, teknikoki bikaina eta pedagogi ikuspuntutik oso landua. Bere helburua da era ludiko eta autonomo batean haur, ume eta gazteek programazioaren oinarrizko algoritmoak bereganatzea.


Programazio hizkuntza erabili beharrean Scratch-ek ezagutarazi dituen eta elkarri atrakatzen edo lotzen diren piezen sistema erabiltzen du. Komandoak, aldagaiak eta abar piezen bidez definitu eta kateatzen dira.

Aipatuaz gain ezaugarriak nagusiak hauek dira:
  • 4,6,8 eta 10 urtetik gorako ikasleentzako 20na orduko ikastaroak.
  • ikastaroek joko-ariketak, bideo azalpenak, ariketa artistikoak... dituzte.
  • area librea formak eta web-jolasak diseinatzeko.
Eguneratzea 2015/12/15ean
Web orriaren hizkuntza aukeratu daiteke. Ez dago euskaraz eta ez du ematen egongo denik. Nire gomendioa da ingelesez egitea: batetik lexiko urria eta erraza erabiltzen du eta bideo-azalpenek azpitituluak dituzte, bestetik programatzen ikastearekin batera ingelesa ikasteko tresna bikaina da.
 
Fede gutxikoa ni. Euskaltzaleen komunitate bikainari esker eta 2015eko azaroaren 7an euskaratzeko maratoia antolatu zuten UEU eta EHU unibertsitatei esker tresna garrantzitsu hau euskaraz erabil dezakegu.


Scratch

MITek diseinatutako programazio aplikazio plataforma-anitza bat da. Piezen bidez istorioa eta jolas multimedia osa daitezke.



Algoritmoak eta aldagaiaz gain sorkuntza multimedia errazten duten pertsonaiak, soinuak, efektuak, sentsoreak, eszenatokiak...

Sortutako programak biltegi batera igo eta deskarga daitezke.
Haren didaktika aurrekoa baino konplexua da, izan ere, Scratch lanabesa da; irakasleak antolatu behar du nondik nora, erritmoa eta abar.

Aukera oso interesgarria da code.org-ekin hasi ikasteko eta Scratch proiektu bezala planteatzea.

Aplikazioaren 1.4 bertsioa  Ubuntun software-zentrotik instala daiteke. 2.0 bertsioa Linux (32bit), Windows eta Mac-erako hemendik deskarga daiteke. Beste modu bat 2.0 bertsioa erabiltzeko web aplikazioa da; ez da instalatu behar baina ikasgelan erabiltzeko konexio ona behar du.

Scratch-en erabilera hezkuntzarako robotikaren mundura zabaldu. Plaka elektroniko eta roboten proiektu nagusiek Scratch-en oinarritutako modulu-programak erabiltzen dituzte: mOway, Lego Wedo, Arduino, mBot...



KhanAcademy-ko "Intro to JS: Drawing & Animation" ikastaroa

Ikastaro hau (https://www.khanacademy.org/computing/computer-programming/programming) planteatu daiteke sekuentzia honetako hirugarren urratsa bezala. Bertan bai, programazio hizkuntza bat lantzen da, JavaScript hain zuzen, weberako eta kasu honetan html5 inguruneko irudia eta animazioari zuzenduta.

Antza handia du core.org webgunearekin: hau ere ikastaro bat da, ondo egituratua, urratsez urrats aurkeztu eta lantzen dira programazio algoritmoak eta irudi estatikotik animaziora pasatzen da. Kasu honetan ere bideo-tutorialak erabiltzen dira azalpenetarako eta ondoren ariketak. Baina ikastaro hau bigarren hezkuntzatik gora erabiltzeko.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina