eskemak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
eskemak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2023/08/18

Cryptpad.fr orain diagramak sortzea eskaintzen du Draw.io integratuta

 Cryptpad dokumentuak online elkarlanean editatzeko plataforma libre eta zifratua da. Testu dokumentuak, kalkulu orriak, kanban, aurkezpenak, formularioak, arbela... partekatu daitezke hainbaten artean osatzeko. Google Docs-en alternatiba libre eta euskalduna da.

Cryptpad Github-etik deskargatu eta instalatu daiteke zerbitzari propio batean, baina modurik errazena erabiltzeko da doan 50 megabyteko biltegiratzea eskaintzen duten Cryptpad.fr zerbitzaria erabiltzea da. Erabili daiteke erregistratu gabe baina dokumentuak hodei edo drive txiki batean gorde ahal izateko merezi du erregistratzeak.

Albistea da uda honetan estreinatu duen 5.4.0 bertsioak diagramak editatzeko aukera ematen duela. Aukera handiko diagramak gainera, izan ere, Draw.io lineako aplikazio librea integratu du. Gainera, Cryptpad-en aukera guztiak euskaraz zeuden eta Draw.io ere bai bere aldetik %100ean euskaraz zegoelako.


Hau da CryptPad.fr-ren diagrama baten itxura:


Ezker aldean ikus daiteke ni naizela diagramaren editorea, baina URLa partekatuta edozeinek edita lezake era kolaboratiboan.

Probatu nahi baduzu, sartu Cryptpad.fr webgunean, nahi baduzu erregistratu, aukeratu diagrama dokumentua eta, nahi baduzu gonbidatu norbait URLa pasata elkarlanean diagrama editatzeko.


2020/08/10

Zim: nola gehitu idea-mapak, organigramak eta bestelako eskemak

 Zim wiki formatua erabiltzen duen oharrak hartzeko aplikazioa da. Aurreko mezu batean azaldu nuen oinarrizko funtzionamendua.

Oinarrizko funtzionalitateak pluginen bidez aberastu daitezke. Kontua ez da dituen plugin guztiak instalatzea baizik eta interesatzen zaizkigunak.

Gaur komentatuko dudan plugina "Txertatu grafikoa" da. Haren bidez Zim orri batean diagrama bat txerta dezakegu.

Funtzionalitatea

Modu grafiko batez, prozesuak, idea-mapak, organigramak eta abar irudikatzea.

Instalazioa:

  1. Aldez aurretik instalatuko dugu markatzen duen dependentzia:  GraphViz. Hori instalatzeko Debian, Ubuntu eta deribatuetan terminalean (Ctr+Alt+T) hau itsatsi:
    sudo apt install graphviz
  2. Zim-en: Menua > Editat > Hobespenak > Pluginak > Txertatu grafikoa
 
 
Erabilera
Diagrama txertatzeko Zim-en Txertatu > Diagrama egingo dugu. 
 
Aplikazioak diagramaren definizioa eskatzen du. Diagrama hauek, formatu berezi bat dutenez, komeni da Zim-en Diagrama izeneko orri bat txertatzea txantiloi moduko bat edo batzuk edukitzeko.

Hemen jarriko dut diagrama pare baten deskripzioa eta emaitza. Horiek kopiatzen ahal dituzu Diagrama orrira eta txantiloi moduan erabili zure diagramak egiteko.

Txantiloia: Ikastetxeko organigrama:
 
digraph Ikastetxeko organigram {
graph [bgcolor=black];edge [color=white];
node [color=lightblue2, style=filled];
  "Organo gorena" -> Zuzendaria
  Zuzendaria ->  "Ikasketa burua", Idazkaria,  Orientatzailea
  "Ikasketa burua" -> "Batzorde pedagogikoa"
  Idazkaria -> bulegariak
Orientatzailea -> tutoreak
  }


Diagrama honetan oinarritu eta alda dezakezu parametroak eta elementuak

Beste txantiloi bat. Kasu honetan begizta bat.

digraph Prozesua {
node [color=orange, style=filled];
  Plangintza -> Exekuzioa -> Ebaluazioa -> Plangintza


2020/03/20

Heimer, kontzeptu-mapak egiteko aplikazioa

Kontzeptu mapa edo mapa mentala gai baten inguruko termino nagusiak lotzen dituen diagrama da. Diagrama hauetan kutxatiletan daude kontzeptuak eta haien arteko erlazioa gezien bidez irudikatzen dira. Gezi hauetan erlazioaren testua jar daiteke. Hierarkia ez da izaten oso zorrotza baina normalean kontzeptu nagusia erdian kokatzen da eta adarren bidez zabaltzen dira gainerako kontzeptuak.



Heimer aplikazioa librea da, C++ eta Qt bidez egina, eta Linux eta Windowserako bertsioak ditu. Aplikazioaren web orria Githuben dago.

Bere ezaugarri nagusiak dira arintasuna eta erabiltzeko erraztasuna. Ez dauka formatu aukera handirik, ezin dira irudiak edo estekak txertatu... baina ez dira beharrezkoak izaten kontzeptu mapetan. Aukera gehiago ditu CmapTools aplikazioak baina astunagoa eta erabiltzeko konplexuagoa da.

Sortutako mapak gordetzeaz gain png formatura esportatu daitezke, atzeko plano koloreduna edo gardenarekin eta nahi dugun tamainakoa.

Hau izan daiteke mezu honen kontzeptu mapa:



Instalatzeko web orriaren Releases orrira joango gara, behar dugun instalazio fitxategia deskargatu: exe Windows-erako eta deb Ubuntu eta deribatuetarako eta klik bikoitza eginda instalatuko da aplikazioa.

Kontzeptu mapak diseinatzea ez da gauza erraza, kontzeptuak hautatu, haien arteko harreman analizatu eta era argian antolatzeak entrenamendua eskatzen duen ataza da. Zirriborrotik abiatuta Heimer aplikazioaren bidez txukun jartzea, ordea, oso erraza da.

Testu batetik abiatuta horrelako eskema egiteak asko laguntzen du testuaren edukia analizatzen eta ezagutza bihurtzen.

2018/08/17

Xmind 9 Zen bertsio berria dela eta

Xmind mapa mentalak egiteko aplikazioa da. Lizentzia pribatiboa du baina plataforma-anitza da: Windows, Mac, Linux, Android.

Software librean, iritzi bat da, ez dago aukera handirik kategoria honetan. Software pribatiboan, nire ustez, Xmind eta Mindomo Desktop dira Linuxen mapa mentalak eta antzeko eskemak egiteko dauden aplikaziorik interesgarrienak.

Xmind-en zentratuta, aspaldi honetan norabide aldaketa handia ematen ari da. Abiapuntu bezala 2016ko Xmind 7.5 bertsioa hartuta, Luberri sisteman instalatuta dagoena, oso bertsio egonkorra da eta deb instalatzailea du.
2017an Xmind 8 bertsioak argitaratu zuten. Bertsio honetan interfaze hobekuntzak daude baina ez dauka deb instalatzailerik. Deskargatu daiteke eta fitxategi exekutagarria klikatuta badabil baina, nik behintzat, ez dut asmatu fundamentuz instalatzen.
2018an Xmind 9 bertsioak, Zen izenekoak, ikusi du argia deb instalatzailearekin. Garatzaileen esanetan aplikazioa goitik behera berridatzi dute. Hona nire lehen inpresioak:

Aldekoak:
  • deb instalatzailea du.
  • interfazea sinplifikatu dute eta testuaren ordez gauza asko ikonoen bidez adierazten dira. Funtzionalitate berririk ez diot ikusi baina betikoak hobeto antolatuta daude.
  • Pasahitzez babestea jada ez da Pro. 
  • Nodoetan audio-oharrak jar daitezke.
  • Aurkezpen edo pantaila osoko modua (Zen modua).
Kontrakoak:
  • Zen bertsioaz egindako eskemak ezin dira ireki Xmind 8 3update aurreko bertsioekin. Software pribatiboan ez da berria.
  • Irudien esportazioak, aurreko bertsioetan ez bezala, ur-marka dauka.
  • Pdf esportazioa badu baina ur-markarekin ere.
  • Aplikazioaren itxura ez da sistemaren gaira egokitzen.
  • Eskema mugitzeko, aurreko bertsioetan saguaren gurpila sakatuta egiten zena, orain bakarrik mugitzen du eskema gurpilarekin nodo zentrala sakatuta.
  • Fitxen sistema ez dabil. Eskema berriak ez dira fitxa berrietan irekitzen.
  • Ezin da esportatu beste mapa aplikazio formatutara. Xmind 7.5ekin esportatu zitekeen Freemind-Libreplane eta Lighten.
Konklusioa:

Eskema zaharrak badituzu eta, batez ere, zure eskemak Xmind bertsio zaharren bidez ikusi edo editatu behar badira ez aldatu eta geratu Xmind zaharrean.
Xmind-ekin hasi behar bazara eta ur-markek ez badizute arazorik suposatzen emaiozu aukera bat, Xmind 9 Zen bertsioa instalatu deskarga orri honetatik.

Xmin9 Zen bertsioaren itxura


Ea software librea noiz den horrelakorik garatzeko.

2018/01/01

Kontzeptu mapak Xmind bidez

Kontzeptu-mapak gai baten inguruko termino edota kontzeptu nagusiak eta euren arteko harreman motak lantzeko estrategia da. Harremanak sinplifikatzean xehetasun galera izaten da baina ulermena errazten du.
Mapa kontzeptualak ikustea baino egitea da interesgarria. Taldean egiteak sor ditzakeen eztabaidak ere aberasgarriak izan daitezke.

Hainbat aplikazio bidez egin daitezke kontzeptu mapak. Nik Xmind proposatzen dut erraza, librea eta instala daitekeelako.

Lau kontu nabarmenduko ditut:

1- Ezinbestekoa ez bada ere, komeni da kontzeptu zentral baten bidez hastea mapa.



2- Kontzeptuak ez ditugu guraso/seme-alaba erlazioaren bidez sortuko lotura edo relationship bidez. Horretarako hasierako kontzeptuan kokatu eta Ctrl+L egingo dugu. Horrek termino flotagarri bat sortuko du. Haien arteko loturan klikatuko dugu lotura edo harreman-aditza sartzeko.


Kasu berezi bat dago: hainbat kontzeptuk lotura bera dutenena. Hori egiteko engainatuko dugu aplikazioa: sortuko dugu lotura bat eta haren kontzeptua lotura aditzaren forma emango diogu: ertzik gabe, eta loturetan erabiltzen den letra mota Georgia, etzana eta 10 puntukoa. Nodo horretatik sortuko dugu erlazio bera duten gainerako loturak. Antzeko kasuren bat badugu aski genuke sasi-lotura horren estiloa kopiatu eta itsastea.



3- Formari dagokienean, gehienetan kontzeptuek hierarkia edo mailaketa dute, beraz saiatuko gara maila zentrokideak edo goitik berako egitura ematen. Bigarren kasuan, maila bereko kontzeptuak altuera bera izan dezaten Ctrl sakatuta (edo laukizuzen bat marraztuta) denak hautatu eta eskuin klik eginez ateratzen den menuan erdiko lerrokapena emango diegu (aling > middle).



4- Hierarkia nabarmentzeko koloreak erabili daitezke.






2017/10/28

Metodo zientifikoa eta ingeniaritza metodoa

Hezkuntzako metodologia berrietan garrantzi handia hartu du "egiten-ikasi" edo "learning by doing" metodoak.

Metodo hau, neurri handi batean, Bloomen taxonomian oinarritzen da.
Memorizazioa baino analisia, esperimentazioa eta sormena hobesten da kontsideratzen baita horrela goi mailako gaitasunak lantzen direla.

Testu inguru honetan interesgarria izan daiteke  ikasleekin lantzea prozesuen sistematizazioa eta, haien barrenean, atzera-elikadura, eta auto eta ko-ebaluazioaren bidez hobekuntza sustatzea.

Hona hemen lagungarri izan daitekeen metodo zientifikoa eta ingeniaritza-metodoa alderatzen dituen eskema.


2016/07/07

Xmind aplikazioak orain SVG formatura esportatzen du

Xmind eskemak eta mapa mentalak egiteko aplikazio plataforma-anitza interesgarria 7.5 bertsioa kaleratu du (hemendik deskarga daiteke) eta bertan hainbat berritasun dago -gehienak pagoko bertsiorako, jakina- baina librea den bertsioan funtzionalitate interesgarri bat askatu dute: eskema SVG irudi bektorial formatura esportatzeko aukera.





Orain arte PNG pixel formatura esportatzea zen irudia esportatzeko aukera bakarra eta aldea handia da, SVG nahi haina handitu baitaiteke bereizmenik galdu gabe.

PNG formatuko eskema baten irudi baten zehaztasuna
aurreko irudi-zehatasuna SVG formatuan


Lehen estekatutako deskarga orrian kontsulta daitezke bestelako aldaketak (gehienak pro bertsioarenak) All changes for Xmin7.5 loturan klikatuta.