Google etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Google etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/23

Nola sinkronizatu ikasle.eus edo irakasle.eus Luberri edo beste Linuxetan

EAEko Hezkuntza Sailaren  ikasle.eus eta irakasle.eus kontuak Microsoft-O365 kontuak izateaz gain Google kontuak ere badira.

Luberri sisteman eta oro har Linux Mint eta Ubunturen gaineko beste sistemetan aukera dago hodeiko kontuekin sinkronizatzeko sistemaren ezarpenetan. Ikasle.eus eta irakasle.eus kontuen kasuan Microsoftek ez ditu errekonozitzen:

Microsoftek ez du irakasle.eus kontuak onartzen

Baina Google-k bai.


Nola aktibatu sinkronizazioa:

Sistemaren ezarpenetara joan...

eta  Hobespenak multzoan bilatu Lineako kontuak


Klikatu eta Gehitu kontua > Google
Idatzi zure ikasle.eus, irakasle.eus edo bestelako Google kontua eta pasahitza. Ezagutzen duenean sinkronizatu daitezkeen zerbitzuen zerrenda agertuko da (ikusi mezu honen bigarren irudia) eta zerbitzuren bat interesatzen ez bazaizu desaktibatu. Leiho horretan ez da ezer onartu behar, aski da leihoa ixtea.

Nola erabili sinkronizazioa

 Nemo, Nautilus edo erabiltzen duzun fitxategien arakatzaileko ezkerreko panelean Sarea atalean zure kontuaren izena duen unitate bat agertuko zaizu muntatuta.

 

Unitate horretan gordetzen duzuna zuzenean kargatuko da zure kontuko Google Drivera. Erne! ez da gordeko ordenagailuan lokal moduan, beraz interneteko konexiorik gabe ezingo duzu erabili. Sinkronizazioa ez da osoa Nextcloud Desktopekin gertatzen den bezala baizik eta mugikorreko Drivearen antzera hodeian dauden karpeta eta fitxategien zerrenda ikusten da baina soilik klikatzean deskargatzen da eta asoziatua duen aplikazioak irekitzen du. Horrela gordetako fitxategiak eta karpetak beste ordenagailu edo mugikor batetik drive.google.com gunean ikusi eta deskargatzen ahal dituzu.

Beste aukera bat da aplikazioetatik zuzenean Drivetik irekitzea (deskargatzea) edo bertara gordetzea (alegia Drivera kargatzea). Azpiko irudian ikus daiteke nola ireki daitekeen Driven gordetako dokumentu bat:


 Antzera egin dezakegu beste edozein aplikazioarekin bai irekitzeko bai gordetzeko, kontuan izaten ireki eta gorde egitean Drivetik deskargatu eta kargatu egingo dugula eta ordenagailuan ez dela fitxategi lokalik gordeko.

Posta eta egutegia. Thunderbird eta bere egutegia (Lightning) erabiltzen badugu arazorik gabe konfiguratzen ahal dugu posta kontua ikasle-irakasle.eus helbidetik jaso eta bidaltzeko eta egutegia sinkronizatzeko:


Balorazioa

irakasleek zein ikasleek Fitxategiak, posta, kontaktuak, egutegiak non nahi eta noiz nahi eskuragarri behar baditugu badira moduak egiteko seguru, pribatutasuna zainduz eta software librearen bidez, hala nola Nextcloud (ikastetxekoa zein pribatua -https://disroot.org kasu-), Moodle... eta ez hain seguru eta pribatutasuna zainduz enpresen software pribatiboaren bidez (Mega, Google...). Aipatuta bi horiek aukera interesgarria izan daitezke tresna irekiak eskura ez daukagunean.

 


2021/04/18

Nola gehitu Google bilatzailea Linux Mint-eko Firefoxen

Linux Mint-en nabigatzaile lehenetsia Firefox da, eta haren bilatzaile lehenetsia Yahoo. Yahook, nire ustez, ez ditu bilaketa onak egiten. Aukera dago beste bilatzailea bat aukeratzeko baina parrilan ez dago Google. Luberri20.04.0 eta 20.04.1 bertsioek arazo hau ere badute.

 

Hurrengo lerrotan azalduko dut nola ezarri Google Linux Minteko Firefox-eko bilatzaile lehenetsi gisa. Kontuan izan hobespenetako aldaketa hau, nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak egin behar duela:

Firefox-eko menuan Hobespenak ireki.


Bertan Bilaketa atalera jo. Yahoo agertzen da bilaketa-motor lehenetsi gisa eta Google ez dago aukeretan. 

 


Google ager dadin honako hau egingo dugu. Orri horretan bertan Bilaketa-lasterbideak agertzen dira eta haren azpian Bilatu bilaketa-motor gehiago.

Irekiko den web orrian irudiak markatzen duen Google ikonoan klikatuko dugu.


Ondoren Firefoxeko bilaketa leihatilan klikatu eta Gehitu Google



edo, bilaketa leihatilarik ez baduzu, klikatu hiru puntutxotan eta Gehitu


Bilaketa hobespenetara bueltatu eta orain Google aukeratu ahal izango duzu.


2017/11/16

Nola deklinatu Moodle, Google, Office...

IKTetan dabilen jendeak sarritan idatzi eta ahoskatzen ditu izenburuko hitz horien berezitasuna da bokalez bukatzen diren izen propioak direla baina ahoskatzean kontsonantez bukatzen dira: mudel, gugel, ofis..

Hori dela eta banuen duda nola idatzi behar ziren (ahoskatzea natural ateratzen da) eta Irene Fernandez IVAPeko teknikariak lagundu dit 2017ko urriko Administrazioa Euskaraz aldizkarian idatzitako artikulu baten bidez.

"...jatorrizko ahoskerako azken fonema ez datorrenean bat amaierako
grafemarekin (letrarekin), zalantza sor dakiguke: zer hartu behar dugu kontuan
deklinabide-atzizkia eransteko orduan, ahoskera ala idazkera? Nola deklinatu
behar ditugu Shakespeare [xekspir], Google [gugel] edo Calais [kale] hitzak? h, y edo w letraz amaitutako hitzen deklinabidea h, y edo w letraz amaitzen diren hitzen deklinabidea berezia da, euskaraz ez baitago letra horiekin amaitzen den hitzik.
Zein irizpide jarraitu behar dugu orduan horrelako hitzak deklinatzeko?


Ahozkoan, ahoskera jatorra zein den jakinez gero, huraxe hartu behar da oinarritzat jakiteko bokalez edo kontsonantez amaitutako hitza den, eta horren arabera ezarri behar zaio dagokion deklinabide atzizkia. h letraz amaitzen diren erdal hitzen kasuan, hatxe horren aurreko letra izango da kontuan hartuko duguna: bokala bada, bokalez amaitutako euskal hitzen modura deklinatuko dugu hitza, eta kontsonantea bada, kontsonantez amaitutako euskal hitzen modura.
•     [xekspirren, xekspirrek]
•     [gugelen, gugelek]
•     [kaleren, kalek]


Idatzizkoan, letra da oinarria, eta deklinatzeko orduan letra hartu behar da kontuan. Horrek duen abantaila da ez dela beharrezkoa jakitea nola ahoskatzen den hitza. Hitzaren azken letra kontsonantea edo bokala den kontuan harturik, euskal hitza balitz bezala deklinatuko dugu.


•     Shakespeareren/Shakespeare-ren; Shakespearek/Shakespeare-k
•     Calaisen/Calais-en; Calaisek/Calais-ek
•     Googleren/Google-ren; Googlek/Google-k
•     xah xaha/xah-a, xahak/xah-ak, xahen/xah-en, xahei/xah-ei...


Erdal hitzaren eta deklinabide-atzizkiaren artean marratxoa jartzea aukerakoa da."
Horren arabera, oker ez banago,

NORK: Moodlek edo Moodle-k baina ez Moodle-ek  / Googlek edo Google-k / Officek edo Office-k
NON: Moodlen, Moodle-n  / Googlen, Google-n / Officen, Office-n
NOREN:Moodleren, Moodle-ren / Googleren, Google-ren / Officeren, Office-ren

NONGO: Moodleko, Moodle-ko / Googleko, Google-ko / Officeko, Office-ko

...